Argazki honetan Joseba Irazoki- k erakusten duen keinuak gutako askok ostiralean sentitutakoa ongi adierazten du. Kontzertuak antolatzeko gela eroso eta egokia herrian edukitzea baita gure erronketako bat eta gustoz hartu genuen esperientzia.
Lehenengoa gure ibilaldi honetan eta lehenengo aldi guztiak bezala ikasteko, sentitzeko, dastatzeko parada izan da. Tenperaturak hartzekoa, hortik gero ondorioak lasaitasunez atera behar.
Lehenengo honetan gainera Petti eta Joseba Irazoki bezelako musikariekin kontatzeko zortea izan genuen, hala nola gaualdia irekitzen izan genituen Kasernarat taldearen estilo pertsonala eta kantaera nahastezinaz. Folk -punk gozozalea? Etiketismoa alde batera utzita, metaforismoa, gozozalez betetako gelan dastapapilak esnatzeko kontzertu gustagarria.
Petti izan genuen ondoren. Blues- ak hartutako arima, presentzia, potentzia. Ahozabalik utzi gintuen bere joanetorriz, intentsidade aldaketaz jositako musikaz. Petti- k nahieran eramaten du publikoa, nora doan ongi jakin gabe gidatzen uzten den entzulea, tarteka laztanez bestetan belarriak kolpatuz bere ahotsaren ñabardura ugariekin.
Teatroa ondoren Joseba Irazokik eskainitakoa. Kitarra astinduz hasi zitzaigun, keinu okerraz publikoa probokatuz. Mostruoak loop- a baliatzen du ritmika eklektikoak sortuaz eta bonboaz, ahotsaz, txindataz garraiatzen du publikoa haren bat batekoak diruditen kantuetan. Soka bat hautsi eta berdin jarraitu zuen aurrera baketarekin kitarra kolpatuz, armonikari txinpartak atera eta publikoa dantzan ipiniz. Egiten duena egiteko ondo gaindituak behar dira musikaren beste arlo guztiak, eta Joseba Irazoki parte den proiektu ugarietan erakutsi dizkigu egiten dakizkinak. Niessenen aurkeztu zuen horretan alde eroena, ganberroena, teatralena erakutsi zigun. Pertsonalena agian, piztia libre ageri den hau. Parodia pertsonala, originalegia parodia izateko.
Niessen kontzertu gela erakargarria dela argi dago. Eserlekuak kenduta zuzenekoetarako oso leku egokia da. Gauza asko hobetzeko, ikasteko. Eta gogo handiak horrelako gaualdiak antolatzen jarraitzeko.
argazkiak: JUXE


